XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); bereak, ostera, laburragoak diran kanpoko orduak zenbatuko leukez, bizkor eta erraz.

Beharbada, alboko eta aurrez-aurreko ohe ilada luzeetatik begi zorrotzak luzetuko litzakez zeuenerantz, lodiera bikoitzeko munstroak zelan osatu ikasteko.

Gailetak ekarri eidazuz

Dinotsozu, bigarrenez, zure asmo eta gurari ixilak begiakaz entzuten euki dozulako ez da zeure ondotik mobidu eta.

Nortxu joan doa orain zure agindua betetera, zeren gose zaran benetan ez dakian arren, zerbaiten gose zarana badaki.

Ez dau beharbada benetan behar dozun janaria inoiz be inon ikusiko.

Ez dozu beharbada zeuk be egundo halakorik amestuko.

Eta eskuan dakarren gaileta piloa jango dozu gose arrotz hori atzipetuteko.

Zeinen gogozko dozun, gailetak osorik ahora sartu eta hantxe barruan, ahosabaiagaz zapalduz apurtu eta gero hagin bitartean birrintzea!

Igarri egin dau, Nortxuk, benetan horixe gogozko dozuna, ezpanen hegaletatik dariotsun zahi-birrin gozoa ikusi dauanean eta, hausnar zelan egiten dozun begira daukazula, igarri egin deutsazu, zuk zeuk be, ikustaldiaren azken uneak luzatzeko ahaleginetan dabilela, begiak erabat goibeldu egin jakoz eta.